Artepan taldeak urriaren 29an Mamiak kolektiboak Gasteizko Oihaneder euskararen etxean estreinatuko duen “Ogiak hizketan baleki” obraren ekoizpenean lagundu egin du.

Obra hau Gasteizen 1836an, lehen karlistaldiaren baitan, jazo ziren zenbait gertakizun latz eta ezezagunetan dago oinarrituta. Ogiaren baitan ardazten historia baita istorio txikiak ere. Horregatik jaso du gure taldearen laguntza.

“Ogiak hizketan baleki” obrak lehen saria jaso du Oihaneder Euskararen Etxeak eta Vital Fundazioak aurten deitu duten TopAraba egitasmoan. Bertan kultura diziplina ezberdinetako norbanako sortzaile arabarrak nabarmendu nahi izan dituzte. 

Mamiak kolektiboa sei sortzailez osatuta dago: Marina Suarez (zuzendari eszenikoa), Irantzu Lekue (arte zuzendaria), Josune Velez de Mendizabal (aktorea), Edu Zelaieta (gidoilaria), Ander Gondra (ikerketa historikoa) eta Txema Ramirez de la Piscina (komunikazio arduraduna).

Gutxi gorabehera ordu erdiko iraupena duen antzezlana urriaren 29an aurkeztuko da Oihanederren, Ortuño aretoan, 19:00etan. Ondoren, Mamiak kolektiboko taldekideekin solasaldia egongo da egitasmoan jorratzen diren gaien inguruan.

Mamiak kolektiboaren lehen ekoizpena da. Talde honetan diziplinartekotasuna da ardatz. Kasu honetan, kazetaritza performatikoa erabili du —modu aitzindarian, gainera— bere proposamena ikustarazteko. Zer da kazetaritza performatikoa? Ikerketa kazetaritza eta arte eszenikoak zeharkatzen dituen artefaktu kulturala da. Proposamenak Gasteizko historian ezezaguna bezain latza —eta agian horregatik bereziki baztertua— izan den gertaera samin bat aztertzen du. Hainbat mito eta legenda eraiki dira horren gainean. Ailegatu zaizkigun kroniketan ebidentzia zientifiko gutxi dago. Narrazio ofizialak oraingo “fake news” fenomenotik gertuago daudela esan liteke.

Jarduera honek, esan bezala, Artepanen laguntza jaso du baita eta ArTgia aretoarena ere. Babeslea Vital Fundazioa da. Nabarmentzekoa da baita ere Berria, Alea, Radio Vitoria eta Diario de Noticias de Alava hedabideek egitasmoari eman dioten sustapena.

Gonbidapenak eskuratzeko 3 bide egongo dira urriaren 22tik aurrera. Goizeko 10etatik aurrera irekiko dira hirurak:

  1. Bibe plataforman
  2. Telefonoz eskatuta (615.986.832), 10:00etatik 12:00etara.

oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita.